Gobernuko presidentearen ongietorria
Espainiako gobernuko presidenteak, José Luis Rodríguez Zapaterok, Europar Batasunaren txandakako lehendakaritzan “Europako eraikuntzari bultzada irmoa” emateko konpromisoa agindu du. Gainera, Espainiako lehendakaritza bat dator denboran Lisboako Tratatua indarrean sartzeak dakarren “hasiera berriarekin”.
Abenduaren 3an, El Pardo jauregian (Madril), Europako Parlamentuko kideekin egindako ekitaldi batean, Zapaterok hitz eman zuen Espainiak urtarrilaren 1etik aurrera Tratatu honek sortzen dituen kargu berriekin “lankidetzan eta leialtasun osoz” lan egingo duela. Kargu horiekin berriro definitu dira txandakako presidentzien ohiko eginkizunak, bai eta Batzordearenak eta Europako Parlamentuarenak ere.
Baina, gainera, Zapaterok adierazitakoaren arabera, ekonomiaren ikuspuntutik, “Batasunarentzat, Espainiarentzat eta munduarentzat oso garrantzitsua den momentuan” hartu du lehendakaritza Espainiak, izan ere, krisialditik ateratzeko prozesuan gaude.
Horretarako, Espainiako presidentearen iritziz, beharrezkoa da hazkunde ekonomikorako eredu koordinatuagoa, sozialagoa eta iraunkorragoa izatea.
“Krisiak zerbait erakustekotan, ekonomia globalizatu baten erronkei erantzuteko, koordinazioa behar dela erakutsi digu. Batasunean badauzkagu merkatu bakarra eta moneta bakarra, gobernantza ekonomiko bakarra ere izan behar dugu”, esan zuen Zapaterok.
Espainiako lehendakaritzaren beste ardatzetako bat Europako atzerri politika izango da. Arlo hori, datozen hilabeteotan, Atzerri Zerbitzu indartsu baten sorrerarekin indartuko da.
Gobernuburuak azpimarratu duenez, “erronka horiei aurre egiteko moduan egon behar du Espainiak; hori da urtarriletik aurrera hartutako erantzukizuna”. Era berean, presidentearentzat, Europar Batasuna kontinentean “historia osoan izan den demokratizazio motorrik indartsuena da”.
